XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Malkoak dira - erantzun zion Haizegoxok garrazki.

Biak txunditurik geratu ziren atsoari begira.

Ez zuten ulertzen zer zihoan egitera, baina Nana zegoen gelarantz bideratu zen arin-arin eta ez ziren ausartu hari jarraitzera baizik.

Jadanik hasia zegoen eskola.

Nana eta haurrak ez ziren konturatu beste hirurak gelan sartu zirenik ere.

Zutik geratu eta isilik egoteko adierazi zien Hegalarik Etxeko Jaun-Andreei.

Argi berdeska sartzen zen gelara.

Leihoak aihen-belar hertsi eta korapilatsuz zeuden estaliak.

Berdeak ziren gortinak, paretak bezalaxe.

Nana, gelaren erdi-erdian, kantan ari zen.

Klas eta Klara, paretaren kontra, adi-adi zegozkion begira; harrizkoak ziruditen.

Mimi kaiolan zegoen sabai ondoan.

Nanak kantatzeari utzi zionean, estualdi larria izan zen, irten-irtenak zituen begi zorrotz haiekin haurrei begiratzen zien bitartean.

Isilaldi hark bere eragin osoa lortu ondoren, hizketan ekin zion, berba bakoitza aurrekoa baino ozenkiago: - Orain, haurrok, ikus dezagun zer nolako trebetasuna duzuen! Kanta ezazue! KANTA! KANTA!.

Klasen eta Klararen eztarrietatik, arnas gabe, ohizko txio izutu eta erlastuak irten ziren.

Orduan, sutan jarri zen Nana, amorruz beterik.